Historian zehar, herri ezberdinetako jai eta ospakizunek komunitatea harremanetan jartzeko eta elkarrekin lanean jartzeko funtzioa bete izan dute. Egoera zaila bizitzen ari gara, pandemiak gogor kolpatzen jarraitzen du eta neke-soziala eta inoiz bukatuko ez delaren sentsazioa geroz eta indar gehiago hartzen ari da. Hori dela eta, aurten Judimendi auzo bezala eta elkarrekin inauteriei begirako ekimena antolatu nahi izan dugu. Gure historian murgildu gara, eta gu baino lehen bizi izan direnak, gaitzei nola egin izan dieten aurre ikusi dugu.
Horregatik hain zuzen, aurten Arabako herri-inauteriak jorratuko ditugu gure auzoan. Badelako garaia, gaitz guztiak uxatzeko eta zikloz aldatzeko. Gizarte gero eta atomizatuago eta indibidualista batean bizi gara, etekin ekonomikoak guztiaren gainetik jartzen dituena, natura edota pertsonon bizitzen gainetik ere, ohikoa bilakatu da. Herri-aratusteak lurrari lotzen zaizkio, amalurra zaindu eta gaitzak uxatzeko momentua baitira, izakion bizitzak posible egiten jarraitu dezan. Gainera, gazteen gorputzen hipersexualizazio garaiotan, estereotipoak hautsi eta rolak gainditzeko aukera paregabea eskaini nahi dugu.
Eta hori guztia modu kolektiboan egingo dugu, komunitatea ehunduz, elkar-zainduz eta modu parte-hartzailean.
Horretarako auzoko eragile ezberdinekin batu gara (AEK, Sumendi, Auzo Elkartea, etab.) eta hainbat ekimen antolatu ditugu (umeentzako txokoak, kalejira, arabar txirigotak) eta Azaroaren 25ean Judimendi auzoa Arabako-Herri inauterietarako espazio bilakatuko dugu.
Kontuan izateko datak:
– Inauteriak antolatzeko bilera orokorra otsailak 9 arratsaldeko 19:00tan auzo elkartean.
– Mozorroa egiteko gunea otsailak 16 eta 23 auzo elkartean arratsaldeko 19:00tan.
– Otsailak 25 Judimendiko auzo inauteriak! Laster informazio gehiago.